Berri      2009-07-30

BELAGILEEN TRAJERIA

'Belagileen trajeria' pastorala ikustearren, sargoriari aurre egin diete 3.500 bat lagunek. Lapurdiko emakume askeek 1609. urtean pairatutako martirioa apur batean sentituta.



Eguzkiaren sugarretan


Allande Sokarros.

Aloze


Gaiari egokitutako giroa bizitzea tokatu zaie Alozen (Zuberoa), igandean, Belagileen trajeria pastorala ikustera etorri diren 3.500dik gora lagunei. Eguraldi ederra, guztiz, baina sargoritsua ere. Eskerrak, haatik, ipar-mendebaldeko haizetxo batek eguzkiaren sugarrak eztitzen zituela tarteka... Oso arrakasta handia izan dute soroaren bazterreko ezponda gainean dauden bi haritz oso ederrek. Pastoralak iraun duen hiru orduak erosoago ikusteko aukerarik izan dute horien itzalean leku bat hartzeko suertea izan duten dozenaka ikusliarrek. Hala ere, oholtzaren parean jarritako jarlekuak -herritarrek berek eginak ziren- eta saihetsetako bi harmailetatik bata jendez lepo zeuden. Arrakasta gutxiago izan dute mendebaldera ematen duten harmailek. Hala ere, bi haritzen itzalpean zeuden ikusliarrak bertaratu baziren, jarleku horiek ere jendez gainezka izanen ziren.

Eguraldia bero, beraz, baina ez hori bakarrik... ikusgarriaren giroa bera ere bero-bero egin baita batzuetan, Ttittika Rekalt pastoralaren idazleak testuan jarritako gordinkeria batzuk aditzean. Hala gertatu da türk andereak taularatu direlarik eta askatasunez bizi nahi zuten emakumeen kontra irain itsusiz aritu direlarik. Halaber, Büljifer eta Behemot satan hitz egileen ateraldietan eta De Lancre epaileari ahoan ezarriak zitzaizkion zatarkerietan.

De Lancre oso sinesgarria jokatu du Mixel Haritxelhar aloztarrak, hala nola bere buruari mintzatuta egiten duen hitzaldi xelebrean... Monologo luze horretan hutsik egin gabe ederki moldatu da. Seguru asko errepikatu egin du behin eta berriro, oholtza atzealdean ageri baitzen joan-etorriak egiten etengabe.

Oinarrizko arauak errespetatzearen aldetik, ohiko pastorala izan da Belagileen trajeria, ez, haatik, taula jokoaren hautu batzuetan. Miguelena apaiza aingürürik gabe taularatzen delarik, edo Artzainen kantorean parte hartzen duelarik. Arño Bidalunek oso ederki antzeztu duen elizgizon hori urdinen aldean egoteaz ez bada, baten bat harrituko zen, baina Arnaud d'Ossat kardinalak eta Etxauze apezpikuak gorrien atetik sar-irteerak egiteaz... Alabaina, horiek argi eta garbi gaiztoen alderdikoak ziren, eta zurezko deabru baten azpialdetik igaro beharra merezia zuten.

Zakurrik eta pastetxik ez...

Artzainen oholtzaratzeak ere ezohikorik izan du, zakurrik gabe baina ardi burugorrien artean ahuntz batekin, jardun dutelarik. Eta, jelkaldiaren amaieran, artzainek ez diete pastetxik (talorik) bota ikusliarrei. Hori ikustean, ikusle batek bromaz esan du: «Hara!, pastoralean ere nabaritzen da krisi egoera»...

Gertaera barregarririk ere ez da falta izan: oholtza gainean, bertset bat eman behar zuen arizale batek, estualdiak jota duda barik, hitzak ahaztu, eta erdaraz ozen esan duelarik, «kaka zaharra, ez naiz gogoratzen!». Gaur egungo pastoraletan, bertset bat ematen duten guztiek mikroak dauzkate jantzietan ezkutuak, eta entzun beharrak eta entzun behar ez liratekeenak ere milaka ikus-entzuleen belarrietara heltzen dira. Baina hori ere pastorala da, perfektua izan beharra ez duen benetako herri antzerki bat.

Haatik, ondo paratutakoak ere baditu pastoralak, eta ez gutxi. Handizki preziatuak izan dira Jondane Johañe dantza eta De Lancre epailea herritarren oldarrez haizatuta izan ondoren ematen den bigarren ballet bat. Mustraka edo trebaldi saioetan lan asko egin den seinale daude. Azken batean, hiru ballet ere egon dela esan daiteke, holako zerbait baitzen satan dantzari talde osoak eginiko azken dantza-jauzi agerraldia. Horretan ere berrikuntza bat izan da, satanak ez baitira ohiko jantzietan taularatu, bai, ordea, alkandora zuriz eta marinel prakaz beztiturik. Ikusliarrek, dena den, oso gustuko izan dute dantza-jauzigileen jardunaldi hori, txalo zaparrada luzeak lagundu baitu satanen oholtzatik jalgitzea... erdiko ate zuritik, hots, zeruaren bortatik!

Txalo handiak ere izan dira Aña Bidalun eta Xabi Intzagaraik abestutako azken peredikuaren bukaerako hitzak aditzean: «Aloze-Ziboze-Onize / eüskarari gira etxekiak [atxikiak] / Dakian bakotxak mintza dezala / Goza dezan bihar haurñiak [umeak]». Arazoa da pastoralak urrezko aroa bizi badu ere azken 50 urte hauetan, urtero bat badagoelarik eta handizki eraberritu eta aberastu delarik... Zuberoan euskara hiltzorian dagoela, gazte eta umeetan oso gutxik mintzatzen dutelarik. Pastoral eta maskaradetako arizaleetan ere asko eta asko dira erdaldunak edo behintzat erdaraz barra-barra hitz egiten dutenak...

Haatik, pastoralik ez balitz, euskal giroa are kinka larriagoan litzateke. Egokia da, beraz, datorren igandean -agorrilak 2an- Belagileen trajeriaren bigarren agerraldira trumilka etortzea.


BERRIA.INFOtik artruk